EL POGROMO ESPAÑOL CONTRA EL INDEPENDENTISMO VASCO YA ESTÁ AQUÍ. EL JUEZ GARZÓN CRIMINALIZA A LA FUNDACIÓN JOXEMI ZUMALABE, A ABK Y A BAI EUSKAL HERRIARI.
GARA, 2000/10/06
Joxemi Zumalabe Fundazioa, herri mugimenduen elkarlanerako tresna
Bultzatu duen proiektu nagusia 1.500 talderen datuak biltzen dituen gida da
Amaia UGARTE | DONOSTIA
Joxemi Zumalabe Fundazioa 1995eko abenduan sortu zen, Euskal Herrian dagoen gizarte eta herri mugimenduen aniztasunaz ohartuta. Mugimendu hauei guztiei laguntza eman, hausnarketa teorikoa egin eta hainbat talderen arteko elkar ezagutza eta elkarlana bultzatzeko asmoarekin abiatu zen. Izena Joxemi Zumalabe euskaltzale eta herri ekimenen bultzatzaile sutsu zenaren omenez hartu zuen.
Sortzaileen artean zeuden, hain zuzen ere, atzo atxilotuetariko batzuk: Sabino Ormazabal, Iñaki O''Shea, Carlos Trenor, Fernando Olalde eta Pepe Uruñuela.
Bere estatutuetan aipatzen denez, finkatutako helburuen artean eguneroko jardueraz kanpo herri mugimendua premiazkoa duen zerbitzu azpiegitura hornitzea dago, funtzionamendua hobea izan dadin. Herri mugimenduen arteko harremana zabaldu, ikerlana bultzatu eta herri mugimenduetan ari direnen prestakuntzan laguntzea ere aipatzen dira helburu gisa.
Joxemi Zumalabe Fundazioak urte hauetan hainbat ekimen bultzatu ditu bide horretan. "Fite!" aldizkaria da horietako bat, 1997az geroztik kalean dagoena. Hilero argitaratzen da, eta dohainik iristen zaie ia mila harpideduni. Aldizkarian hilero herri mugimenduen alorrean dagoen agendaren berri ematen da: deialdiak, ikastaroak, jardunaldiak eta bestelako ekimenak.
"Euskal Herriko Herri Mugimenduen Gida" da orain arte Fundazioak bultzatu duen proiekturik garrantzitsuena eta esparru horretan plazaratu den bildumarik osatuena. Herri mugimenduen aberastasunaz jabetzeko eta haientzat lan tresna eraginkorra izateko asmoz sortu zen. Iazko otsailean kaleratu zen liburu mardula da, eta Donostian aurkeztu zuten publikoki Joxemi Zumalabe Fundazioko kideek, otsailaren 20an.
Lakuako Gobernuaren laguntza jaso duen gida honek Euskal Herri osoko 1.500 herri mugimendu biltzen ditu, helburu soziala edo eraldatzailea dutenak betiere. Gidan talde horien guztien datuak ageri dira, eta bakoitzak bere fitxa du. Bertan izena, lan esparrua, helburua, arduraduna, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta beste datu publiko batzuk aurki daitezke.
Liburuan herri maila gainditzen duten taldeen fitxak ageri dira batetik, gaika sailkatuta: besteak beste, aisialdia, ekologia, hezkuntza, kulturgintza, lana, ekonomia eta osasuna.
Herri mailako taldeen fitxak ere badaude, herrialdeka sailkatuta. Azken atalean, eranskin estatistikoa jasotzen du gidak.
Euskal gizartean herri mugimenduen artean dagoen aniztasunaren seinale dira bertan ageri diren taldeak, hala nola Gurutze Gorria, Salhaketa, Alkoholiko Anonimoak, Elkarri, Ateneo Libertario, erligio munduko Fe y Alegria eta Alianza de Jesus por Maria, Manos Unidas eta Medicus Mundi gobernuz kanpoko erakundeak, Proyecto Hombre edota Seminario Alaves de Etnografia, gutxi batzuk aipatzearren.
Herri mugimenduen gida Interneten ere aurki daiteke, datu gehiagorekin. Etorkizunari begira Fundazioaren asmoa gidaren 2. edizio berritua ateratzea da.
Gidaren eskutik, bestalde, hainbat ikerketa soziologiko ere burutu dituzte, herri mugimenduen egoera eta beharrak aztertuz.
Web orria ere badu Joxemi Zumalabe fundazioak, eta bertan agenda telematikoa dago, "Fite!" aldizkarian azaltzen diren deialdiak eta jarduerak kontsultatu ahal izateko.
Bestelako ekimenen artean, herri mugimenduen bideoa ere argitaratu du Fundazioak, eta bi topagune antolatu ditu. Lehena Egian egin zen, iazko otsailean, eta bigarrena aurten, hau ere otsailean. Topagune hauetan hainbat gai jorratu dituzte, gizarte mugimenduen kezkekin zerikusia dutenak: neoliberalismoa, eredu sozial berriak eta desobedientzia zibila, besteak beste.
Fundazioaren helburuetako bat herri mugimenduan, prestakuntzan ari direnei laguntzea izaki, ikastaro ugari antolatu ditu lan teknikak hobetu eta jakintza eta formazioa hobetzearren: Internet, komunikabideen alorra eta plangintza dira landu dituzten esparruetako batzuk.
Hain zuzen ere, herenegun bertan eman zuten Herria Mugi! ekimenak aurten antolatu dituen ikastaroen berri Donostian.
Patronatoa eta Kontseilua
Fundazioaren egiturari dagokionez, Patronatoa eta Kontseilua dira organo nagusiak. Lehenaren egitekoa Fundazioaren zereginak diseinatu eta etorkizunari begira herri mugimenduetatik jasotzen dituzten proposamenak aukeratzea da. Ikastaro, hitzaldi eta antzeko ekimenetarako Fundazioak ematen dituen diru-laguntzak bideratzen ditu.
Kontseiluaren egitura zabalagoa da, herri mugimenduetan jarduten duten 60 bat lagun biltzen ditu, herrialde guztiak ordezkatuz. Urtean zehar egindakoa aztertu eta Fundazioaren filosofia orokorraren inguruan hausnarketa egitea du helburu.
![]() |